abotsanitz logo
abotsanitz logo

Zergatik Abotsanitz?

        Abotsanitz mugimendu parte hartzaile bat da, Herri Batzarraren babesarekin Ezker Abertzalearen eginkizunekin jarraitzen duena, eta herriko gertakarietan parte hartzen jarraitu nahi duena, orain arte egin duen bezala.

 

        Hondarribiko Ezker Abertzaleko militante eta jarraitzaile talde batek bultzatutako hausnarketa sakon baten ondorioz datorren mugimendua da Abotsanitz. Sortu alderdiak Hondarribiko hainbat gai garrantzitsuren aurrean herriko Herri Batzarraren iritzia behin eta berriro baztertu izanak eragin du, eta ez ditu onartzen alderdiaren zuzendaritzak erabili dituen formak.  

 

        Sorturen baitan benetako eztabaida demokratikorik ezin egin izanak bertan behera utzi arazi ditu Hondarribiko Ezker Abertzaleak zituen hainbat gairen lanketak, tartean Alardearen gaiari ausardiaz eusteko aukera. Gai honetan Sortu alderdiak “marra gorri” bat ezarri du, eta honek zera adierazten du:

 

        Umiliazioa, azken hemezortzi urteetan emakumezkoak alardean modu desberdinean partehartzeko izan beharko lukeen eskubidearen aldarrikapenean aritu diren herrikideentzat.

        

        Koherentziarik eza, azken urteetan bai Bildu koalizioko eta baita Ezker Abertzaleko ordezkariek ere Alarde tradizionalean parte hartu baitute, modu batean ala bestean.

 

        Eztabaida mailaren pobretzea, arazo konplikatuei irtenbide irudimentsuak emateko gai  izan beharko baigenuke, eztabaida aberatsak oinarri hartuta.

 

        Garai berriak aipatzen diren honetan, eta urte luzez luzatu den gatazka politikoa konpontzeko prozesuan murgilduta gauden unean, oso larria iruditzen zaigu nola jokatu duen Hondarribian Sortuko egiturak. Herri Batzarrean gehiengo zabalez onartu diren proposamenak goitik behera baztertu eta lerro gorriak inposatu nahi izan ditu, beste alderdi tradizionaletan salatu izan ditugun jarrerak errepikatuz.

 

        Horregatik modu autonomoan aurrera egitea erabaki du Abotsanitzek, herriari dagozkion gaien alde lanean jarraituz eta alternatiba herrikoi eta solidarioak proposatuz, eta beste mugimenduei ateaz irekiz, oinarrizko bi printzipio hartuta.

  • Herri Batzarraren erabakietan oinarrituko den demokrazia parte hartzailea.
  • Hondarribiari dagozkion erabakiak herrian bertan hartuko direla.

 

Hondarribia, 2015eko urtarrila.

Sare sozialetan / En redes sociales: